Gurutze PIKABEA 2015-02-19 08:27
Adinekoen eta familien bizi-kalitatea mantendu edo hobetzeko zerbitzua paratu dute martxan
Eman-Har jubilotokia ireki dute Urdazubin laugarren adinekoentzako. Elkargune bat da, eta egunerokoan ilusioa eta motibazioa bilatzen laguntzeko helburuarekin sortu dute. Astean bizpahiru aldiz biltzen dira eta hiru orduko tarte goxoa pasatzen dute.«Adinekoak kontuan hartu behar ditugu, gizartearentzako beharrezkoak direlako. Jakinduriaz betetako kutxak bezala dira: gerra bat eta pobrezia bolada haundiak bizi izan dituzte, haurtzarotik gogor lan egin behar izan dute eta milaka bizipen eta esperientzia bizi izan dituzte. Gaur egungo azkartasuna dela eta, denborarekin galtzen ari diren ohiturak ere ezagutu dituzte». Halaxe uste dute Amaia Iriondo eta Axun Iratzokik. Bat zein bertzea adinekoekin urte luzez lanean ari direnak dira eta beraien irudiko, «hirugarren adinekoa» kontzeptuak erranahia galdu du: «gaur egun, beharrak laugarren adinean daude, hau da, 80 urtetik aitzinerako pertsonen bizitzako azken fasean. Etapa honetan adinduak bere independentziaren alde borrokan segitzeko nahiaren eta mugikortasuna eta osasuna desagertzen ari zaizkion ebidentziaren artean oreka bilatu behar du». Hori horrela, hutsune horri erantzuteko helburuarekin eta «adinekoek ere merezi dutela» iritzita paratu dute martxan Urdazubin Eman-Har zerbitzua. Eman «pertsona hauek beraien denbora, disponibilitatea eta oinordetza eskaini dietelako ingurukoei eta gizarteari» eta hartu «orain beraiei dagokielako merezi duten arreta jasotzea». Jubilatu eta pentsionistei eta hauen familiei beraien «bizi-kalitatea mantendu eta ahal bada hobetzeko» asmoz ireki duten elkargunea da Eman-Har jubilotokia. Honetan guztian, lehenbiziko pausua Urdazubi eta Zugarramurdiko mediku eta erizainak eman omen zuten: «Bernardette erizaina izan zen laugarren adinekoen beharrez ohartu zena eta gaur egun, Bene medikuak jubilotokia errezetatu edo aholkatzen du». Iratzoki eta Iriondok azaldu digutenez, «egunerokoan ilusioa eta motibazioa sortuko dien talde bateko partaide sentiaraztea da zerbitzuaren xedea, senar, seme-alaba eta biloben garaia gibelean utzi, eta laguntasun harremana berreskuratzeko». Bidea, ordea, ez zaie erraza egiten ari. Urtebete baita proiektuarekin hasi zirela. Eta sei hilabete eman dituzte lokalaren gibeletik. Udan Zugarramurdiko eskolan egon ziren, Sorginen Museoan ere bai eta eguraldi onarekin inguruko herrietako eliza, parke eta frontoiak ere ederki ezagutu dituzte… «Baina guk gure lekua behar genuen, gure gauzak uzteko», diote Iratzokik eta Iriondok. Azkenean etxebizitza izandako bat hartu dute errentan, Urdazubiko plazan, elizaren ondoan. Eguberrietan hura egokitu ondotik, hortxe biltzen dira urte hasieraz geroztik. Urtarrilean astelehen, asteazken eta ortziraletan elkartu ziren, eta otsailean, astelehen eta ortziraletan biltzen dira, «proiektuarekin ezker-eskuin gabiltzalakoz».
DATUA
132 JUBILATU daude Urdazubin eta Zugarramurdin, 75 eta 57, hurrenez hurren. 65 urtetik goitikoak sartzen dira multzo horretan, hau da, biztanleriaren %22.
DIRU-LAGUNTZA PUBLIKOEN BEHARRA
Batera eta bertzera ate joka dabiltza, bideragarria izan dadin. Izan ere, une honetan erabiltzaileek hilabetero ordaintzen duten 40 euroko kuota da diru-sarrera bakarra. Gainerakoa Axun eta Amaiak ordaintzen dute. Eta gastuak ez dira ttikiak, egoitzaren alokairua eta bertzelako gastuak ordaindu behar baitituzte. Hortaz, Urdazubi eta Zugarramurdiko Herriko Etxeei babesa eskatu diete eta kontatu digutenez, «jarrera ona» ikusi diete, «diru-laguntzetan nola kokatu aztertzen ari direla erantzun digute». Baztango Gizarte Zerbitzuei ere proiektua aurkeztua diete eta Udalbiltzari ere egitasmoaren berri ematekotan dira. Ez daude geldirik. Arkupeak Elkartearekin ere solastuak dira eta Cederna Garalur Elkartearekin ere harremanetan daude. Izan ere, «hau guztia laguntza publikorik gabe ez dela bideragarria» diote. Aitortu digutenez, «landa eremuan proiektu berritzailea da eta bagenekien kostako zitzaigula, baina proiektuan aunitz sinesten dugu». Esfortzua eskatzen diela ikusita, «erantzunak fite behar ditugula» aipatu digute.
ZERBITZUAREN BEHARRA
«Lehen familiak aise haundiagoak ziren eta etxekoandrea beti etxean egoten zen. Orain, ordea, kanpoan dago. Gainera, adinekoak bataz bertze bortz urte gehiago bizi dira eta horregatik ikusi genuen zerbitzuaren beharra».
Axun IRATZOKI eta Amaia IRIONDOEman-har zerbitzuaren bultzatzaileak
KONTZIENTZIAZIOA
Bertzelako lana ere badute, eta diotenez, «haundia»: «80 urteko pertsona bat hotzarekin etxetik ateratzeko lan haundia egin behar da. Zerbitzuak beraiei adituz funtzionatzen du, beraiekin egonez… Beraiekin bazaude gustura daude». Iriondo eta Iratzokiren arabera, «adinekoekin ez gara batere justuak» eta gaineratu dute «profesional bezala, harremana errazagoa dela familiarra baino. Familiakoa nekatua dagoelako, aspertua». Esperientziak erakutsi die «norbaitek aditzen diela ikustean adinekoak aunitz pozten direla. Gero etxera joatean, egoera ez da egun osoan sutondoan egoten direnean bezala. Umorea aldatzen zaie eta etxe horretako bizi kalitatea ere hobetu egiten da». Eta Eman-Har zerbitzuan dabiltzan adinekoak dira horren lekuko. Gaur egun, bortz dira egitasmoan parte hartzen dutenak, nahiz eta hamabi-hamabortz nahi dituzten proiektua aitzinera ateratzeko. Denak ere emakumezkoak dira eta 80 urtetik goitikoak: Urdazubiko Pakita Maia Ariztia, Ixabel Jaimerena Iturburua eta Mª Kruz Plaza Aroztegi, Zugarramurdiko Mertxe Arburua Iparragirre eta Sarako Lili Oronoz Argarate. Denek baieztatu digute «aski gustura» daudela. Pakitak, erraterako, honela kontatu digu: «seme-alabak lanean ari dira eta beti etxean, geldi-geldi egonez aspertu egiten naiz. Arratsaldea ailegatu eta telebista aitzinean istant batez egoten naiz, baina berehala aspertzen naiz. Hemen biltzen garenetik aski gustura nago. Denak ezagunak gara eta ongi pasatzen dugu».
ABIAPUNTUA
«Bernardette erizaina izan zen laugarraren adinekoen beharrez ohartu zena eta gaur egun, Bene medikuak jubilotokia errezetatzen edo aholkatzen du».
Axun eta Amaia Eman-har zerbitzuaren bultzatzaileak Astean bizpahiru aldiz bi arduradunak etxez-etxe joaten dira adineko erabiltzaileen bila eta Urdazubiko plazan duten egoitzan elkartzen dira, 16:00etatik 19:00etara. Hiru orduko tartea kontu kontari, eskulanak eginez eta jolasean pasatzen dute: lehenbiziko ordua infusio bat hartu bidenabar solasean, bigarren ordua eskulanak eginez, eta azken ordua jokoetan. «Irri aunitz egin ondotik etxera bueltatzen gara», diote sustatzaileek. Hortik aparte, tailerrak antolatu izan dituzte eta gehiago egiteko asmoa ere badute. Herriko ekintzetan ere parte hartu nahi dute. Eguberrietan, adibidez, egoitza egokitzen ari zirela, Olentzeroren bisita izan zuten. «Olentzero ikusi nuen lehenbiziko aldia izan zen», dio Pakitak. Eta bingoa ekarri zien opari. Gisa berean, gazteak ere hurbildu izan zaizkie: «musean aritzera etorri izan dira». Beraiek hartua duten egoitzari herriko bertze eragileek ere probetxua atera diezaioketela uste dute: «leku hau ordu aunitzez hutsik egoten da eta haurrek, Urdazubiko andre taldeak edo bertze edozeinek erabili nahi badute hementxe dute». Eskaintza, beraz, mahai-gainean dago, eta zerbitzua ere zabalik dago. Orain, berriz, jarraipena ematea gelditzen da. Sustatzaileen aldetik ez da borondaterik falta eta Pakita, Ixabel, Mª Kruz, Mertxe eta Liliri ere ez zaie gogorik falta. Ilusioz beterik egoten dira hitzorduaren esperoan. Beraien gisara tarte atsegina pasatu nahi dutenek ere atea zabalik dute, Urdazubiko plazan. Eta ez dira gutti beraien adinean daudenak, 65 urtetik goitiko 132 lagun baitaude Urdazubin eta Zugarramurdin. Horientzat da Eman-Har jubilotokia, urte luzez ematen aritu ondotik, orain, hartzeko tenorea ailegatu zaielako. Eta guztia lagunartean.